ESKOLATZE OSAGARRIKO PROGRAMAK

 

1.     Eskolatze Osagarriko Programen xedea

 

1.1.- Eskolatze Osagarriko programen xedea hauxe da: aurretik aipatutako ikasleei, berariazko unitateetan, beren garapen pertsonalerako, berriro sistema arruntera egokitzeko edo ondoren lanbide-hastapeneko ikasketei (horiek helduaroan eta bizitza aktiboan sartzeko gaituko dituzte) ekiteko baliagarrienak diren ikaskuntzak eskaintzea. Horretarako bide izango da beren premia pertsonal nahiz sozialetara egokitutako curriculuma, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako oinarrizko gaitasunei uko egin gabe. Edozein modutara ere, curriculumeko alor instrumentalei emango zaie lehentasuna, betiere ikasle horien beharretara egokitutako metodologia erabiliaz.

1.2.- Hezkuntza-izaera duen muturreko neurri bat da, ikasleei egokitzapen pertsonala eta soziala lortzeko aukera eskaini nahi diena, zirkunstantzia pertsonalak edo sozialak direla-eta halako hezkuntza-neurriak behar dituztenean.

1.3.   Aldi baterako neurria da, inoiz ez behin betikoa, ikaslea ahal bezain laster sistema arruntean berriro sartzea lortu nahi baita.

1.4.- Aparteko neurri bat da, hain zuzen ere esku-hartze multzo bat aplikatu ondoren esperotako emaitzak lortu ez direla egiaztatzean hartzen dena. Esku-hartze horietako batzuk hezkuntza-arlokoak eta prebentzio-izaerakoak dira eta beste batzuk curriculum-izaerakoak, arruntak nahiz apartekoak, behar bezala diseinatutakoak eta planifikatutakoak betiere.

 

2.     Eskolatze Osagarriko Programen curriculum-alderdiak

 

2.1.- Eskolatze Osagarriko programetan garatuko den curriculumak erreferentzia gisa hartu beharko ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari lotutako gaitasunak, eta dagozkien edukiak ikasle hauen premietara egokitu beharko dira.

2.2.- Hezkuntza-premia horiek bi talde nagusitan bana ditzakegu:

            1) Egokitzapen pertsonal eta sozialari lotutako premiak

            2) Curriculum-alderdien oinarrizko ikaskuntzei lotutako premiak

2.3.- Premien araberako bi talde nagusi horien inguruan, Eskolatze Osagarriko Programen banakako nahiz taldeko curriculumari dagozkion helburuak eta antolamendua ezarri beharko dira.

2.4.- Eskulanek eta lanaren aurreko jarduerek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako oinarrizko gaitasunak lortzera bideratuta egon behar dute. Hori dela eta, beren lehentasunezko helburua ez da lanbide-gaitasunen bat lortzea izango, hori Lanbide Hastapenerako Programei dagokien helburua baita.

 

3.     Eskolatze osagarriko programen hartzaileak

3.1.- Eskolatze Osagarriko Programak zailtasun sozial bereziak dituzten edo eskolan moldatzeko zailtasun handiak dituzten ikasleei soilik zuzenduta daude, zirkunstantzia horietan eta horiek aldatzen ez diren bitartean bideraezina denean hezkuntza-prozesu normalizatua.

3.2.- Eskolatze Osagarriko Programen hartzaile izango diren ikasleek hamasei urte baino gutxiago eta hamalau urte baino gehiago izan behar dituzte 2018-2019 ikasturtea hasterakoan, edozein kurtsotan eskolatuta izanik ere.

3.3.- Ezinbestekoa izango da ikaslea matrikulatutako ikastetxeak txostena egitea, Hezkuntza Ikuskaritzaren oniritzia eta guzti. Txosten horretan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren araudi arruntean aniztasunari arreta eskaintzeko aurreikusten diren neurrien (horien artean ditugu hezkuntza-indargarriak, curriculum-egokitzapena eta berariaz esku hartzeko proiektuak) testuinguruan ordura arte hartutako neurrien ebaluazioa egingo da.

 

4.     Iraunaldia

 

4.1.- Eskolatze Osagarriko Programak beti dira aldi baterakoak eta horiek diseinatzerakoan finkatuko da horien hasiera eta amaiera. Proposamenaren iraupena ez da 2019-2020 ikasturtea baino luzeagoa izango.

4.2.- Eskolatze Osagarriko Programaren aplikazioaren aldia luzatzeko edozein erabaki hartu aurretik behar bezala baloratu beharko da egoera eta berariaz eta arrazoiak adieraziz eskatu beharko zaio Pedagogia Berrikuntzarako Lurralde Burutzari, baimendutako lehenengo indarraldi amaitu eta gero.

 

 

Gaur egun, gure ikasleak honako zentro hauetan ari dira ikasturtea gauzatzen:

 

·         Centro Complementaria Bolueta Ikastegia. Bilbao.

·         Colegio MarĂ­a Inmaculada ikastetxea. Bilbao.